XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

DESKRIBAPENA (2)

ERRETRATUA

Deskribapenaren teknika lantzen hasi gara aurreko ikasgaian eta, honetan ere, jarraipena emango diogu.

Aurrekoan deskribapen estatikoari ekin diogu, bizitasunik objetiboki, bederen gabeko elementuak deskribatzeari.

Oraingo ikasgai honetan, ordea, besterik izango dugu deskribagai: izaki biziak.

Izaki bizi hauen erretratuaren teknika jorratuko dugu, bada, ikasgai honetan.

Garrantzi handiko teknika dugu erretratuarena, izan ere erretratu bidez luze edo labur, zehatz edo orokor aurkezten bait zaizkigu istorioetako pertsonaiak.

Pertsonaia hauen erretratua gauzatzeko hainbat elementuz balia daiteke egilea: pertsonaiaren fisonomia , jazkera, izaera, jarrera, jakintza,... edo guzti honi buruzko informazio osoagoa eskain ditzaketen bestelako alderdiez: pertsonaiaren eguneroko lanak, bere auzoa edo auzokideak... bere inguruak, azken finean.

Alderdi hauetariko batzuk edo besteak aukeratuko ditu idazleak xehatzen ari den pertsonaiari ezarri nahi dion nortasun bereziaren arauera.

Bestalde, pertsonaiarekiko tratamendua ere oso kontutan hartzekoa da honen erretratua egiterakoan.

Hots, objetibotasunez erretratatu nahi izanez gero elementu objetiboetan oinarritu beharra dago; subjetibotasunera joz gero, berriz, pertsonaiaren edo berarekiko edozein xehetasunek berebiziko garrantzia izan dezake.

Txomin Agirreren elaberrietatik hartutako bi pertsonaiaren erretratuak eskainiko dizkizugu aztertzeko: Joanes artzaina eta Kitolisena.

Irakur itzazu arretaz eta, analisiari ekin baino lehen, jar itzazu euskara batuan.

JOANES ARTZAIA

Ura zan gizona, ura! Zazpi oin ta erdi bat luze, makal zugatzaren irudira zuzen, pagorik lodiena baizen zabal, arte gogorra bezela trinko, gorosti ezearen antzera zimel.

Orrela zan Joanes nik ezagutu nuanean.

Sendoak zeuden oraindik artzai zarraren beso zaintsuak, txit azkarrak bere oñak, zindoak bere bular auspoak.

Irurogeita amabi aldiz ikusia zuan, Aloña mendiko ariztietan, ostro berdea berriz jaiotzen baña etzion eramango emeretzi urteko mutil batek ez aizkora jolasean, ez burni astuna jaurtitzen ez mendietan gora edo ibarretan zear laisterka.

Kaiku andi bat esne goizean jan, azpantarrez izterrak estaldu ta makilla bat eskuan artu ezkero, prest zegoan egun osoan, zein ariñago bezela, beorren atzetik ibiltzeko edo, neke askorik gabe, ardi galdu gaixoaren billa gau guztia igarotzeko.